XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaizkia eta ongiaren arteko lehiatze honetan, estilizazio eta herrikoitasuna, ideia-konplexutasun mailagatik, ditugu jaun eta jabe; ideia abstraktoegirik ez: Bakea, Zuzena, Egia eta honelako izateak ez dira oholtzara igotzen, ezta jainkorik, jesusik, ama birjiñik ere.

Pertsonaiak ostera, era guztietakoak dira, hots, jendeak bizi modu arruntean pairatu edo inguruan soma ditzakeenak: jaun handiak, morroiak, erregea, ohoina, laboraria, hiltzailea, aitasaindu, artzaina...; hauetariko batzu Zuberoatik urrunekoak izan arren, ez dira giro gortesau edo hiritarrean antzemanak izaten, beste mundu-proiekzio batetan baino.

Antzokia hutsa da, estilizatua; ez du mundua gaizkia / ongia dikotomiaren aldetik baino itxuratzen: enperadorearen jauregia izan daiteke eta era berean presondegia, bataila-tokia, gotorlekua edo infernuko sarrera.

Antzokian bertan ikus dezakegu banaera manikeista, gure kulturan erabat erroturik dagoen kolore-topikotasunak lagundurik: ate gorria (gaiztoena), ate zuria (zerutiar pertsonaiena), ate urdina (kristauena).

Izan ere genero erritualizatua da hau, elementu oso finkaturik darabiltzana.

Erritualizazio, topikotasun eta estilizazioaren topalekua joera manikeista da, erabatekoa, zein elementu guztiak tindaturik dituela, Pastoralaren ezaugarririk nagusienetakoa baita.

Mustran bertan, esaterako, gaiztoak (tûrkak) eta Khirixtiak (jabe gaitezen izen bereizketaz), bi giza lerrotan doaz, nahasi ezinik, ikurrin eta ikurrinlari gorri eta urdina (nork berea) buru daroatzatela; jokularien beraien koloreak ere jakina, gorri eta urdina dira.